GORATZARREAK


                    ZATOZ, JAUNA!

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,
  zori gaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
  Etor bedi zure erreinua!

Zatoz Jauna! Nausi bait da dirua:
  jendea maiz dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, behartsuen oihua:
  Etor bedi zure erreinua!

Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:
  piztu gugan fedearen sua.
Zatoz, Jauna! Argi ezazu mundu hau:
  Etor bedi zure erreinua!

    Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:
       jendeek elkar ezin hartu dute.
    Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:
       Etor bedi zure erreinua!



ZATOZKIGU TA ASKA GAITZAZU

Zatoz ta izan gure sutargi,
ikus dezaten gure begiok
zure aintzaren ederra.
Azkartu zure indarra
eta iguzu salbazioa.
Zatozkigu ta aska gaitzazu,
bizi berri bat dezagun.

Zatoz ta izan bizitzaren gar,
igor zaiguzu zure Arnasa
eraberritu gaitezen.
Behar ordutan gure adore,
gure pausoen gidari.
Zatozkigu ta aska gaitzazu,
bizi berri bat dezagun.

Zatoz ta izan «gurekin Jainko»,
argi gaitzazu Zuri darizun
jakinduriaren argiz.
Erne bekigu salbazinoa,
nola menditan goiz-alba.
Zatozkigu ta aska gaitzazu,
bizi berri bat dezagun.

 

            ZATOZ, KRISTO!


O Sapientia

Betiereko Zuhurtzia,
Aitaren Mintzo bizia:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Zuk indarrean zer bihotza!
Zuk bihotzean indar gaitza.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.

O Adonai

Mundu guztiko jaunen Jauna,
israeldarren Artzaina:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Moisesek suan ukana du
zure ahotik indar santu.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.


O radix Jesse

Herri guztien biltzailea,
Jese-leinuko semea:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Erregez denek etsitzean,
zure zai daude otoitzean.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.


O clavis David

Errege-makil eta giltza,
etor denen Jaun; ez luza:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Zuk zabal eta ezin itxi;
Zuk itxi eta nork ireki?
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.


O Oriens

Goiko indarren Eguzkia,
ospe, goizeko argia:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Heriotzeko ilunpetan
dauden jendeei argi eman.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.

O Rex gentium

Arrotz-herrien egarria,
munduko ixkin-harria:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Zuk bait dituzu denak egin,
salba arrotzak juduekin.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.

 
O Emmanuel

Gurekin egon Emmanuel,
zerura gaiten denok hel:
    Zatoz, Kristo, zatoz!
Herri guztien itxaropen,
Zu denen buru, Zu salbamen.
Ager, oi Jauna, gure artean,
zure besoak aska gaitzan.

 

 

 



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Lehenengo Astea

ABENDUALDIKO I. DOMEKEA Agurra V/. Zatozkit lagun, ene Jainko. R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera. V/. Aintza Aitari eta Semea...